top of page

Nerbio Sistemaren Garrantzia Fisioterapiako Tratamenduetan

Nerbio sistema, definizioz, kanpoko zein barneko estimulu ezberdinak jaso, integratu eta erantzun bat emateaz arduratzen den ehun multzoa da. Nerbio sisteman bi multzo nagusi bereizten dira:

  • Nerbio Sistema Zentrala (NSZ): entzefaloa eta ornomuinaz osatuta dagoena. Gure gorputzeko “ordenagailu” nagusia bezala ezagutzen da.

  • Nerbio Sistema periferikoa (NSP): entzefalo zein ornomuinetik ateratzen diren egitura luzeak dira, nerbio bezala ezagutzen ditugunak. Hauek, funtzio sentsitiboa, motorea zein biak izan ditzakete.





NSParen adarrek ematen dituzten erantzunak borondatezkoak zein ez borondatezkoak izan daitezke. Borondatezkoak ez diren erantzunak Nerbio Sistema Autonomoa osatzen dute; arnas maiztasuna, bihotz maiztasuna eta digestio prozesua adibidez. Aldi berean, erantzun hauek bi eratakoak izan daitezke eta bi sistema ezberdin osatzen dituzte:

  • NS. Sinpatikoa: ”alerta” egoera batean aktibatzen da eta helburu nagusia norbanakoaren biziraupena izaten da.

  • NS. Parasinpatikoa: erlaxazio edo lasaitasunarekin erlazionatzen da. Bere helburua, gorputza bere onera itzultzea da.

Hau guztia kontutan izatea ezinbestekoa da osasun arloan lan egiten dugun profesionalentzat. Izan ere, gorputzak bere homeostasi edo “normaltasunetik” kanpo dagoen edozein alterazio, disfuntzio edo min pairatzen dituenean garunean bertan ere aldaketa bat izaten delako. Ona edo txarra, baina batez ere, ezberdina.


Horregatik, klinika arloan lan egiten dugunon buruhauste nagusiena min neuropatiko izenez ezagutzen dena da, eta horri, nerbio sistema beraren inguruan dagoen ez jakintasuna gehitzen badiogu askotan ez dugu jakiten nondik hasi.


Nerbioek, pertsonek bezala estimulu edo komentario ezberdinen aurrean tolerantzia maila altua daukate hasiera batean, baina denborarekin, tolerantzia maila hori jaitsi egiten da. Beraz, hasiera batean guretzat garrantzi handirik ez duen txantxa bat behin eta berriz errepikatzen bada, bukaerarako gure erantzuna aldakorra izan daiteke. Hau da, gure tolerantzia edo pazientzia maila jaisten joaten da. Nerbioen kasuan, gauza bera gertatzen da.


Artikulu eta liburu ezberdinetan irakurri eta ikasi izan dugunez, nerbioarengan aplikatzen den mekanikak eragin zuzena dauka bere barneko fisiologian. Hau da, nerbioa barrutik irrigatzen duen zirkulazio sisteman, irrigazio intraneurala bezala ezagutzen den horretan. Nerbio barruko mekanikaren informazioa jasotzen duten zelula txikiak nozioerrezeptoreak estimulatzen baditugu honek nerbio barruko odol fluxua areagotu dezake eta prozesu inflamatorio bat hasi, edema intraneural bat sortuaz. Hau da, lagunari etengabe txantxa bera egiten badiogu bukaerarako bere erantzuna ere antzekoa izango da.


Beraz, etengabe estimulu mekaniko bera (presioa edo tentsioa) aplikatzen badiogu nerbio egiturari, bere tolerantzia maila jaisten joan denez, geroz eta azkarrago hasiko da erantzun inflamatorio bat ematen eta horri, sentsibilitate zentrala esaten zaio. Hau da, hasieran mingarria ez zen estimulu bat (laztan bat edo presio txiki bat) mingarri izaten bihurtzen da (gure lagunak mingarria ez den txantxa bat mingarri bezala hartuko du).


Beraz, guk osasun profesional bezala paper garrantzitsu bat daukagu min neuropatikoan. Izan ere, nerbioaren mekanikan bera moldatu genezake eta ondorioz, barneko fisiologian eta minaren tolerantzia maila horietan. Horretarako, mekanosentsibilitate balorazioa egin genezake eta neurodinamikaz baliatu.

Baina, teorian oso erraz eta garbi ikusten den hau ez da klinikan berehala gertatzen. Askotan, lesio edo patologia modu zuzen baten artatzen ahalegintzen gara, ehuna bera soilik fisikoki baloratuta. Baina ezin dugu ahaztu nerbio sistema eta nagusiki garuna bera ere ezagutu behar dugula eta bere ohiko egoera batera itzultzen lagundu behar diogula. Beste hitz batzuetan esanda, pertsona horren ironia maila zein den ezagutu behar dugu.


Miren Larrañaga Azpiazu

Comments


Entradas destacadas
Entradas recientes
Archivo
Buscar por tags
bottom of page